Ernest Hemingway XX. mendeko idazlerik eragintsuenetakoa izan zen eta lotura berezia izan zuen Iruñearekin, hau da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) eleberria idazteko inspirazioa sortu zion hiriarekin. Ondoren, idazleak sanferminekin izandako lotura arakatuko dugu, haren figurari loturiko leku adierazgarriak aipatuta, gaur egun Hemingwayren Ibilbidea osatzen duten lekuak, alegia.
Ernest Hemingway eta sanferminak
Ernest Hemingway 1923ko uztailean iritsi zen Iruñera, Toronto Star Kanadako egunkari garrantzitsuko erreportari gisa, erreportajeak egiteko eduki bila, eta sanfermin jaiak topatu zituen, hau da, hasieratik beretik lilura berezia sortu zion ospakizuna.
Urte bereko urrian, Hemingwayk Iruñeari buruzko bere lehenbiziko ikuspegia plazaratu zuen Toronto Star Weekly gehigarrian, egunkariko artxiboan bertan ikusgai dagoen artikulu baten bidez, sanferminak kontatzeko. “Inauteetako eromenez girotutako kaleak” eta gisako esaldiak erabiliz, idazleak festetako giro paregabea nabarmendu zuen.
Iruña lehen aldiz bisitatu eta hiru urtera, Hemingwayk Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) argitaratu zuen, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko atzerriratu talde batek sanferminetan izandako bizipenak aletzeko. Bere kazetaritza-lanak eta lehen kontakizunak zirela eta, idazlea ordurako ospetsua zen, baina liburu horrek eman zion bere belaunaldiko ahotsik adierazgarriena izateko aukera, bai eta Iruñeko jaiak nazioartean ezagutzera emateko parada ere.
Hemingwayri loturiko lekuak Iruñean
Idazlea bederatzi aldiz etorri zen Iruñera, azkena 1959an, eta beti maitasun handia erakutsi zion hiriari, bai eta errespetu sakona bertako kulturari ere. Honatx Hemingwayren irudia gogora ekartzen diguten leku adierazgarrietako batzuk.
Hemingwayrekin zerikusia duten Iruñeko toki interesgarriak
Hona hemen idazlearengan eragina izan zuten Iruñeko zenbait leku:
- Gazteluko plaza. Hemingwayk hirian ezagututako lehen tokia izan zen, Iruñera 1923ko uztailaren 6an iritsi zenean.
- Andre Maria Erreginaren katedrala, eleberrian aipatua.
- San Fermin kapera (San Lorentzo eliza). Hemingwayk katolikotzat jotzen zuen bere burua eta, inoiz, kaperan otoitz egin zuen.
- Zezen-plaza. Funtsezko lekua da bere liburuan eta bizitzan; hemen bizi izan baitzituen zezenketarik zirraragarrienetako batzuk. Hemingwayren Monumentua, gainera, zezen-plazaren ondoan dago.
Idazlearekin eta haren lanarekin lotura duten beste toki interesgarri batzuk San Domingoko azoka, udaletxea eta Iruñeko harresiak dira.
Tabernak eta jatetxeak
Hemingwayren Ibilbideko taberna eta jatetxe ospetsuenen artean, honakoak daude:
- Iruña Kafea. Hemingwayren lekurik gogoenetako bat da. Iruña Kafea, gainera, literatura unibertsalaren historiaren parte da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberriko protagonisten biltokia delako. Gaur egun, Kafearen ondoko gune batean, “El rincón del Iruña” (Iruña-ko txokoa) ikusiko dugu, txoko goxo eta lasaia, garai hartako argazkiz apaindua, Ernest Hemingwayren pasaeraren oroigarri. Bertan, ederki nabarmentzen da brontze patinatuzko estatua ikusgarria, José Javier Doncel eskultoreak ondua, idazlearen figura tamaina naturalean hilezkortu duena.
- Marceliano etxea. Idazlearen “babesleku sekretuetako” bat izan zen, jende pilaketatik ihes egiteko. 1993an itxi zituen ateak.
- Las Pocholas jatetxea. Egun desagertua bada ere, idazleak bertan afaldu zuen (bai eta beste jatetxe batzuetan ere), Iruña azken aldiz 1959an bisitatu zuenean.
- Txoko taberna. Beste leku batzuetara bezala, idazlea maiz etortzen zen taberna honetara bizitza soziala egiteko. Esaten da Literaturako Nobel saridunak arratsaldero bisitatzen zuela, sanferminetako zezenketaren ondotik. Gaur egun, zabalik dirau.
Hotelak eta beste ostatu batzuk
Hemingwayk hainbat hoteletan eta beste leku batzuetan hartu zuen ostatu, Iruñera etortzen zenean.
- Gran Hotel La Perla. Jendeak Hemingway hotel ospetsu horrekin lotu izan badu ere, esaten da idazleak egiazki gau bakarra eman zuela bertan. Egia esateko, sekulan ez zen bere ohiko ostatua izan, garai hartan ez baitzen hoteleko tarifak ordaintzeko gauza.
- Quintana hotela. Hemingwayren eta haren lagunen ostatua izan zen. Jabeak, Juanito Quintanak, adiskidantzazko harreman estua izan zuen idazlearekin. Gaur egun, eraikina eraldatua dago eta, bertan, bulegoak eta etxebizitzak daude.
- Antzinako Grand Hotela. Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberrian aipatua, hura hotel famatua izan zen, jende ospetsuak bertan hartzen baitzuen ostatu. Hotela aspaldian desagertu zen eta, haren lekuan, San Frantziskoko Liburutegi Publikoa dago.
- Hotel horiez gain, Eslava kaleko 5ean dagoen etxea aipatu beharra dago, bai eta San Fermin kaleko 7an dagoen eraikin-atxikia ere, idazleak bietan lo egin baitzuen.
Hemingwayren eragina sanferminak nazioartean zabaltzeko orduan
Sanferminak ordurako ospakizun garrantzitsuak baziren ere, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da plazaratzearen ondorioz, jaien oihartzuna mundu osora hedatu zen, mundu zabaleko jendea erakarrita.
Ibilbide bat Fiesta. Eguzkia jaikitzen da liburuko eszenatokietan barna
Eleberriak sanferminei buruzko erretratua egiteaz gain, Iruñean barna ibiltzeko gonbita egiten dio huraxe irakurtzen duenari, liburuko pertsonaien bidez. Hiriko hainbat leku agertzen baitira, bilbearen atze-oihalak bailiran, hala nola Gazteluko plaza, Iruña Kafea eta zezen-plaza, haien garrantzi historikoa eta kulturala are gehiago nabarmenduta.
Ernest Hemingwayk kulturan utzitako ondarea
Mende bat baino gehiago joan den honetan, Ernest Hemingway oraindik ere da figura nabarmena hiriaren eta sanferminen historian. Eleberriaren eraginez eta Iruña sakon maitatzeari esker, idazleak nafar tradizioekiko interesa piztea lortu zuen nazioartean.
Baina, kaleez, gastronomiaz edo sanferminen bizitasunaz gain, egiazki beste gauza batek eraginda maitemindu zen Ernest Hemingway Iruñeaz, hots, etxean bezala sentitzearen sentsazioak; diotenez, idazleak horixe ospatzen baitzuen. Izan ere, hiriko jendearen abegiak, festa giroak eta hiriaren jatortasunak lehen bisitatik liluratu zuten eta, hain zuzen, oraindik ere harrera-sentimendu horrexek berak liluratzen ditu Iruñera iristen diren bisitariak.
Hemingwayren Ibilbidea haren figura goresteko omenaldia izateaz gain, mundu zabaleko bisitariei oraindik ere inspiragarri zaien kultur eta literatur aberastasunaren ospakizuna ere bada.
Espiritu horrek berak bizirik dirau Espacio SanfermIN! Espazioa izeneko gunean, arras leku egokia baita jaien muinean murgiltzeko eta Hemingway zerk eraginda maitemindu zen ulertzeko. Izan ere, esperientzia murgilgarrien bidez, espazioak ederki transmititzen ditu hiriari darizkion grina eta emozioa, Iruña sentsazio horiei esker baita helmuga paregabea munduan; halaxe izan zen idazlearentzat eta, halaxe ere, gaur egun hiria ezagutzera etortzen direnentzat.



