Iruña, Donejakue biderako lehen urratsa

pamplona camino de santiago

Iruña abiapuntu ezin hobea da Donejakue bidearen esperientzia zoragarriari ekin nahi diotenentzat, hiriaren kokapen pribilegiatua dela eta. Gainera, ibilbidearen hasiera gisa duen garrantziak badu eraginik, zerbitzu bereziak garatu baitira ibiltarientzat, zeharkaldi paregabe horri lotzen zaienen bizipena errazteko eta aberasteko asmoz.

Iruña Donejakue bidearen abiapuntu gisa

Iruña funtsezko erreferentzia izan da mendez mende Donejakue bideari heltzen dion jendearentzat. Hiriak, izan ere, abegitsua izateaz gain, zerbitzu sorta zabala du eta lotura historiko bat du Bidearekin, bertako kale, monumentu eta tradizioetan ageri denez.

Iruñeko historia eta hiriaren hirigintza-garapena Donejakue bideari estuki lotuak daude. Erromesen etorrerak hiriaren hazkundea bultzatu zuen hein handian eta, ondorioz, Erdi Aroko burguak osatu ziren. Horien artean, San Zernin Burgua eta San Nikolas Burgua nabarmentzen dira, Donejakue bidean barna zebiltzan merkatari eta ibiltarien kokaleku izateko sortu baitziren, eta hiriaren egitura historikoa eratu zuten.

Erromesaldia Orreagatik hasten dutenentzat, Iruña Espainiako iparraldean barna doan ibilbidean sartzeko atea da. Orreagatik Iruñera arteko tartea ederra da zinez.

Iruñean, gainera, Ultreia dago: Donejakue bidearen Interpretazio Zentroa. Hiriko alde zaharraren erdigunean dago eta, informazio baliagarria jasotzeaz gain, bisitariek Bideari buruzko esperientzia elkarreragileaz gozatzeko aukera dute ikus-entzunezkoen bidez.

Bidearekin lotutako monumentuak eta intereseko lekuak Iruña barnean

Donejakue bidean duen garrantzi handia dela eta, Iruñean ibiltarientzako puntu enblematiko ugari daude:

  • Magdalena zubia. Arga ibaia zeharkatzen duen Erdi Aroko zubi historiko honek ibiltarientzako sarrera markatzen du.
  • Frantziako Atea edo Zumalakarregiren portalea. Iruñean sartzeko antzinako ateetako bat da, hiriko harresi barrutian jatorrizko tokian dirauen bakarra. Alburquerqueko Duke zen erregeordearen aginduz 1553an eraikia, portalea mendez mende izan da bidaiarien, merkatarien eta, bereziki, Donejakue bideko erromesen pasaeraren lekuko. Izan ere, Orreagatik abiatuta datozenak ate horretatik sartzen dira Iruñean.
  • Andre Maria Erreginaren katedrala. Ezin bisitatu gabe utzi katedral barrutia. Barnean, gainera, Mendebaldeko kulturari buruzko Occidens erakusketa dago ikusgai.
  • Ultreia: Donejakue bidearen Interpretazio Zentroa. Gune elkarreragile hau ezin hobea da Santiagoko bidearen esanahia eta bilakaera ezagutzeko.
  • San Saturnino edo San Zernin eliza. XIII. mendeko eliza gotikoa da, hiriko zaindariaren omenez eraikia. Bideko Ama Birjinari eskainitako kapera barroko bat du atxikita.
  • Takonerako parkea: Iruñeko parkerik zaharrena da, frantses inspirazioko lorategi ederrez hornituta dago eta, lubanarroan, erdi aske bizi dira oreinak, paumak eta beste espezie batzuk daude. Leku zoragarria da naturaren erdian pausaldi lasaia egiteko, ibilbideari berriz heldu baino lehen.
  • Ziudadela eta Gaztelugibeleko parkea: berdegune handi horrek Iruñeko Ziudadela historikoa inguratzen du; hau da, Errenazimendu garaiko gotorlekua, Europan hobekien kontserbatu direnetako bat. Gaztelugibel ingurune zoragarria da Bideari berriz ekin aurretik paseatzeko, atseden hartzeko, eta arkitekturaz eta lasaitasunaz gozatzeko.

Erromesentzako zerbitzuak eta atseden guneak Iruñean

Iruña guztiz prestatua dago Santiagorantz doazen erromesak hartzeko. Horretarako, hiriak denetariko zerbitzuak eskaintzen ditu erromesen esperientzia erosoagoa eta seguruagoa izan dadin.

Lo egiteko ostatuak

Iruñean badira hainbat ostatu mota gaua emateko, ibiltarien beharretara egokituta:

  • Aterpetxeak. Bidean, hiru aterpe mota aurkituko dituzu: erromesei, gazteei edo turistei zuzendutakoak. Logela partekatuak eta zerbitzu komunak eskaintzen dituzte, hala nola sukaldea eta bainugela.
  • Hotelak, ostatuak eta pentsioak. Lo egiteko aukera eskaintzen dute, eta batzuek jantokia ere bai.
  • Landetxeak. Herri mugakideetan daude, landa ingurunean, eta osorik edo logelaka alokatzen dira.
  • Apartamentu turistikoak.

Bidaiari-txartela eta zigilatzea

Bidaiari-txartela erromesa zarela ziurtatzen duen agiri pertsonala da. Oso garrantzitsua da hura lortzea, beharrezkoa baita aterpetxe jakin batzuetan gaua igarotzeko edo bestelako establezimendu batzuetako tarifetan murrizketak eskuratzeko.

Iruñean, ibiltariek elizetan, parrokietan eta ostatu batzuetan (hala nola aterpetxeetan, horietan lo egiten ez badute ere) zigilatzen dute ziurtagiria; adibidez, Donejakue bideko Jesus eta Maria aterpetxe turistikoan (Compañía kalea 4).

«Compostela» agiria Donejakue bidea egin dela ziurtatzen duen agiria da. Hiru baldintza bete behar dira ibilbidea amaitzean «Compostela» jasotzeko: Donejakue bidea arrazoi espiritualak edo erlijiosoak bultzaturik egitea, edozein Donejakue bidetan gutxienez 100 km oinez edo zaldiz egin izana (edo bizikletaz joanez gero, 200 km), eta ibilbide hori frogatu ahal izatea behar bezala zigilatutako bidaiari-txartelaren bidez.

Denda espezializatuak eta zerbitzu gehigarriak

Iruñeak, Frantziako bideko lehen hiria denez, askotariko zerbitzu ugari ditu ibiltarientzat. Zerbitzuen artean, honako hauek topatuko dituzu:

  • Kontsigna autobus geltokian.
  • Aparkalekua – Donejakue biderako kontsigna (Kale Nagusia, 14).
  • Komun publikoak, bainu-etxea eta garbitegia.
  • Ekipajeen garraioa eta bizikleten transferentzia Bidea egiten dutenentzat.
  • Bizikletak zaintzeko zerbitzua.
  • Kirol- eta bizikleta-dendak.
  • Bidean espezializatutako dendak eta oroigarrien saltokiak.

Nola iritsi Iruñera Bidearen inguruko zure esperientzia hasteko

Espainiako hainbat lekutatik iritsi ahalko zara Iruñera; nagusiki, autoz, trenez edo autobusez. Behin hirira iritsita, Iruñeak hainbat garraio-aukera eskaintzen dizkie Bidea Orreagatik hasi nahi dutenei:

  • Autocares Artieda autobus zerbitzuak lotzen du Iruña Orreagarekin, ordubete pasatxoan.
  • Halaber, taxi partekatuaren aukera ere badago, tarifa itxiarekin.
  • Autoz joatea erabakitzen baduzu, aparkaleku publiko bat topatuko duzu Ostatuaren atzealdean. Aparkalekua doakoa da. Autoa hantxe uzteko eta Bidea bukatzean hartzeko aukera eskaintzen du.

Noticias relacionadas