Andre Maria Erreginaren Katedralari Iruñeko Katedrala esaten zaio eta Nafarroako eraikinik adierazgarrienetako bat da. Handitasun ikusgarria izateaz gain, historiak utzitako aberastasuna dario alde guztietatik; horrenbestez, ikusi beharreko eraikina da iragana ulertzeko eta arkitektura sakratuaz gozatzeko.
Hobekien kontserbatutako katedral multzoetako bat da Espainian eta garrantzi handikoa Europan. Arkitektura gotiko ikusgarria eta fatxada neoklasikoa dira nabarmentzekoak eta, horrez gain, gela historikoen kontserbazioa, hala nola Erdi Aroko sukaldea, errefektorioa, liburutegia eta kapitulu-gela. Gaur egun, toki horiek guztiak kultur ekitaldiak eta erakusketak egiteko erabiltzen dira. Klaustro gotikoa Europako onenetakotzat jotzen da eta, gainera, Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat da arkitekturari begira.
Iruñeko Katedralaren historia laburra
XI mendean, tropa musulmanek basilika kristau zaharra suntsitzearen ondorioz, Antso III.a Nagusiak tenplu berria eraikitzeko agindua eman zuen. Hori izan zen denborarekin egungo Iruñeko Katedrala sorrarazi zuen gune sakratuaren jatorria.
Gero, XII. mendean, katedral erromanikoa eta klaustroa eraikitzeari ekin zitzaion; obrak sakon baino sakonago markatu zuen hiriaren paisaia monumentala. Gertakari dramatiko batek, dena den, hasierako bultzada hura eten zuen: 1276an, izan ere, Nabarreriako gerran, katedrala arpilatua eta profanatua izan zen. Ondotik, tenplua berreraikitzeari heldu zitzaion.
Gero, XVIII. mendean, eraikinaren kanpoaldeko irudia berritu nahirik, kabildoak erabaki esanguratsua hartu zuen. Izan ere, 1782an, dohaintzek eraginik eta katedralari multzoarekin bat zetorren fatxada handientsuagoa eraikitzeko asmoz, fatxada erromaniko zaharra eraistea eta estilo neoklasikoko berri bat eraikitzea erabaki zen. Ventura Rodríguez arkitekto ospetsuari eman zitzaion huraxe diseinatzeko enkargua, eta Otxandategik egindako planoetan oinarrituta jardun zuen.
Fatxada eraistearen ondorioz, hainbat elementu funtzional berrantolatu behar izan ziren, hala nola kanpandorrea, erlojua eta kanpai-jolearen etxea. Erlojua jartzeaz gain, beste erabaki bat ere hartu zen, hots, kanpai-jolearen familia Manuel Larrondo igeltseroak eta Martin Jose Armendaritzek erabiltzen zuten etxean finkatzea.
1798ko udaberrian, Larrondok elizako teilatuetan eta kanpai-jolearen etxe berrian lan egin zuen. Etxea, zehazki, dorreetako batean zegoen kokatua, priore-etxearen ondoan. Azkenean, 1801ean, Otxandategik fatxadako eta dorretako lanak bukatutzat jo zituen.
Andre Maria Erreginaren Katedraleko arkitektura-elementu nabarmenak
Estilo eta xehetasun artistikoetan konbinazio paregabea duela, Andre Maria Erreginaren Katedralaren arkitektura-elementuak mendeetako historiaren eta kultur bilakaeraren lekuko dira.
Fatxada neoklasikoa
Gaur egungo fatxada nagusia Ventura Rodríguezek diseinatu zuen XVIII. mendean, hau da, garai hartako arkitekto espainiarrik ospetsuenetakoa izan zenak. Katedrala funtsean gotikoa bada ere, fatxada estilo neoklasikoari jarraikiz egina da. Eta barnealdea gotikoa denez, kontrasteak eraginik, eraikina paregabea da benetan.
Klaustro gotikoa
Iruñeko Katedraleko klaustroa Europako arte gotikoaren adibiderik onenetako bat dela jotzen da. Halaber, hobekien kontserbatutako klaustroetako bat da. XIII. eta XIV. mendeen artean eraikia, arku zorrotz dotoreak eta lore motiboekin eta Bibliako irudiekin apaindutako kapitelak ditu, bai eta edertasuna nabarmentzen dion argi naturala ere. Ateak dira nabarmentzekoak (Babesaren Atea, Artxidiakotzaren Atea, Errefektorioko Atea eta Ate Ederra) eta hainbat hilobi ditu.
Kaperak
Katedralaren barnean, hainbat kapera nabarmentzen dira; aproposak, garai bakoitzeko debozioan eta arte erlijiosoan ibilbidea egiteko. Kapera bakoitza erretaulekin, margolanekin eta eskulturekin dago apaindua, arte sakratuaren bilakaeraren erakusgarri.
Haien artean, adibidez, Barbazana kapera dago; hasieran, kapitulu-gela izandakoa. Kapera horretan, Arnaldo Barbazanekoa apezpikuaren hilobia dago, eta Kontsolamenduaren Ama Birjinaren tailla, XIV. mendekoa.
Dorreak eta ezkilak
Hala iparraldeko nola hegoaldeko dorreek itxura karratua dute lehen eta bigarren gorputzean, eta zortzi aldekoa, hirugarrenean eta azkenean. Bietan ere hainbat ezkila daude; guztien artean, Maria kanpaia nabarmentzen da, ipar dorrean kokatua. Bigarrena da Espainiako kanpairik handienetan, eta handiena, erabiltzen direnen artean. Ospakizunik solemneenetan erabiltzen da, bai eta hil-ezkila jotzeko ere. Kanpairik handiena, ospetsuena eta ozenena da katedraleko guztien artean. Haren soinua 14 km-ko inguruan entzuten baita.
Karlos III.a Noblearen mausoleoa
Iruñeko Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat Karlos III.a Noblearen eta haren emazte Leonor Trastamarakoaren hilobia da. Eskultura-lana da, Jehan Lome de Tournaik harzuriz eta marmol beltzez egina. XV. mendeko hileta-artearen adibide gorena da. Etzanik dauden irudien xehetasunek (lehoiz eta aingeruz inguratuak) Erdi Aroko artisten trebetasuna darakutsate.
Errege-Erreginen Mausoleoaz gain, arte sakratuari buruzko bilduma zabala dago, barne direla ekisainduak, kalizak eta beste liturgia-pieza batzuk, guztiak ere katedralaren ondareari dagozkionak.
Katedralaren museoa eta Occidens erakusketa
Gauza erakargarrienetako bat Katedraleko Museoa da, bai eta katedralaren barnealdean kokaturiko Occidens erakusketa ere. Museoaren bidez, Espainiako katedral multzorik handiena ezagutzeko parada izanen dugu eta, horren baitan, leku bereziak, hala nola sukaldea. Bestalde, Occidens erakusketa dago ikusgai, Mendebaldeko zibilizazioaren historiaren erakusgarri.
Erakusketa Philippe Nemo frantses filosofoaren Qu’est-ce que l’Occident? (Zer da Mendebaldea?) liburuaren oinarrien gainean sortua dago. Museoan ederki uztarturik daude teknologia modernoa eta elementu historikoak, eta benetako hezkuntza-esperientzia eskaintzen du adin guztietarako.
Ekitaldiak eta kultur jarduerak katedralean
Iruñeko Katedrala gurtza lekua izateaz gain, hainbat kultur ekitaldi barne hartzen dituen gune bizia ere bada. Katedralak bere museoa izateaz gainera, urte osoan biltzarrak, erakusketak eta kontzertuak egiten dira, katedralak historiari eta arkitekturari begira duen aberastasunaren balioa agerian uzteko.
Ezagutu Iruñeko Katedrala 360 graduko bisita eginez
Katedralak bisita birtuala eskaintzen du Iruña zuzenean bisitatzerik ez dutenendako. Izan ere, Iruñeko Katedralaren 360 graduko bisitak tenpluko txoko bakoitza arakatzeko aukera ematen du munduko edozein tokitatik. Klaustrotik aldare nagusira, esperientzia birtualak ikuspegi paregabea ematen du haren bikaintasunaz.
Zuzenean ezagutu nahi dutenendako, Iruñeko katedrala egunero dago zabalik jendearendako, eta ordutegiak egokituak daude turisten bisitetarako eta jarduera erlijiosoetarako. Gainera, bisita gidatuak ere eskaintzen dira, adituen ahotik xehetasun guztiak ezagutzeko.
Horrez gain, “muy viva – bizi-bizirik” kultur ekimenaren barnean, apiril, maiatz eta ekaineko lehen asteburuan, eta abuztu, irail eta urriko bigarrenean, historia, kirola eta ondarea era paregabean lotzen dituen proposamen bat egiten da. Hasteko, ostiraletan, “Ibilbidea euskal pilotaren historian barna” izeneko bisita egiten da. Ibilbideak hiriari hain lotua dagoen kirol horren jatorriak ekartzen ditu gogora, elizjendea ere pilotan aritzen baitzen katedralaren klaustrogainan eta Labrit bezalako leku adierazgarrietan.
Larunbatetan Katedrala gauez ikusteko bisita eskaintzen da, bi ordu Europako katedral barrutirik handienaz gozatzeko. Katedralera bestela hurbiltzeko aukera da, leku historiko hori tenplu hutsa ez dela erakusteko, baizik eta bizitzaz eta kulturaz betetako gunea Iruñeko bihotzean.



