Iruña, Bidean lehena

pamplona

Bidearen hasiera / Iruña, Santiagoranzko lehen urratsa / Iruña, Bidearen abialekua

Iruña abialeku ezin hobea da Donejakue Bidearen esperientzia miragarriari ekin nahi diotenendako, kokapen zoragarrian baitago. Gainera, ibilbidearen hasiera denez, garrantzi horrek eraginik, zerbitzu bereziak garatu dira ibiltariendako, zeharkaldi paregabe horri lotzen zaienen bizipena errazteko eta aberasteko asmoz. 

Iruña, Donejakue Bidearen hasiera lekua

Iruña funtsezko tokia izan da mendez mende Donejakue Bideari heltzen dion jendearendako. Hiriak, izan ere, abegitsua izateaz gain, zerbitzu sorta zabala du eta mendeetako lotura Bidearekin, bertako karrika, monumentu eta tradizioetan ageri denez. 

Iruñeko historia eta hiriaren hirigintza garapena Donejakue Bideari daude estuki lotuak. Erromesen etorrerak hiriaren hazkundea bultzatu baitzuen hein handian eta, ondorioz, Erdi Aroko burguak osatu ziren. Haien artean, San Zernin Burgua eta San Nikolas Burgua nabarmentzen dira, Donejakue Bidean barna zebiltzan merkatari eta ibiltarien kokaleku izateko sortu baitziren, hiriaren egitura historikoa eratuta.

Erromesaldia Orreagatik hasten dutenendako, Iruña Espainiako iparraldean barna doan ibilbidean sartzeko atea da. Orreagatik Iruñera arteko tartea ederra da zinez. 

Iruñean, gainera, Ultreia dago, hau da, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa. Hiriko alde zaharraren erdigunean kokaturik, informazio baliagarria jasotzeaz gain, bisitariek Bideari buruzko esperientzia elkarreragilea gozatzeko aukera dute ikus-entzunezkoen bidez. 

Bideko monumentuak eta leku interesgarriak Iruña barnean

Donejakue Bidean duen garrantzi handia dela eta, Iruñean badira ibiltariendako gune adierazgarri ugari:

  • Magdalenako zubia. Erdi Aroko zubi historikoa da Arga gainean, ibiltariek gurutzatua hirian sartzeko. 
  • Frantziako portalea edo Zumalakarregiren portalea. Iruñean sartzeko ate zaharretako bat da, jatorrizko tokian dirauen bakarra hiriko harresi-barrutian. Erregeorde Alburquerqueko Dukearen aginduz 1553an eraikia, portalea mendez mende izan da bidaiarien, merkatarien eta, bereziki, Donejakue Bideko erromesen pasaeraren lekuko. Izan ere, Orreagatik abiatuta datozenak ate horretatik sartzen dira Iruñean. 
  • Andre Maria Erreginaren katedrala. Ezin bisitatu gabe utzi katedral barrutia. Barnean, gainera, Mendebaldeko kulturari buruzko Occidens erakusketa dago ikusgai.
  • Ultreia, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa. Gune elkarreragile hau ezin hobea da Santiagora doan ibilbidearen esanahia eta bilakaera ezagutzeko. 
  • San Saturnino (Jaun Done Saturdi) edo San Zernin eliza. XIII. mendeko eliza gotikoa da, hiriko zaindariaren omenez eraikia. Bideko Ama Birjinari eskainitako kapera barroko bat du atxikia. 
  • Takonerako Parkea: Iruñeko parkerik zaharrena da, frantses inspirazioko lorategi ederrez hornitua. Lubanarroan, gainera, erdi aske bizi dira oreinak, paumak eta beste espezie batzuk. Leku zoragarria da naturaren erdian pausaldi lasaia egiteko, ibilbideari berrekin baino lehen.
  • Ziudadela eta Gaztelugibel: berdegune handi horrek Iruñeko Ziudadela historikoa inguratzen du, hau da, Errenazimendu garaiko gotorlekua, Europan hobekien kontserbatu direnetako bat. Gaztelugibel ingurune zoragarria da, Bideari berreldu aurretik, ibiltzeko, atseden hartzeko eta arkitekturaz eta lasaitasunaz gozatzeko, 

Erromesendako zerbitzuak eta atseden guneak Iruñean

Iruña ederki prestatua dago Santiagorantz doazen erromesak hartzeko. Horretarako, hiriak denetariko zerbitzuak eskaintzen ditu, erromesen esperientzia erosoagoa eta seguruagoa egiteko.

Lo egiteko ostatuak

Iruñean badira hainbat ostatu mota gaua emateko, ibiltarien beharretara egokituak:

    • Aterpetxeak. Bidean hiru aterpe mota aurkituko dituzu: erromesendako, gazteendako eta turistendako. Logela partekatuak eta zerbitzu komunak eskaintzen dituzte, hala nola sukaldea eta bainugela. 
    • Hotelak, ostatuak eta pentsioak. Lo egiteko aukera eskaintzen dute, eta batzuek jantokia ere bai. 
    • Landetxeak. Herri mugakideetan kokatuak daude, landa ingurunean. Osorik edo logelak alokatzen dira. 
  • Apartamentu turistikoak.

Kredentzialak eta zigilatzea

Kredentziala erromesa zarela ziurtatzen duen agiri pertsonala da. Oso garrantzitsua da hura lortzea, beharrezkoa baita aterpetxe jakin batzuetan gaua igarotzeko edo bestelako establezimendu batzuetako tarifetan murrizketak eskuratzeko.

Iruñean, ibiltariek elizetan, parrokietan eta ostatu batzuetan zigilatzen ahal dute kredentziala, hala nola aterpetxeetan, haietan lo egiten ez badute ere; adibidez, Donejakue Bideko Jesus eta Maria aterpetxe turistikoan (Compañia kalea, 4).

Compostela agiria Donejakue Bidea egin dela ziurtatzen duen agiria da. Hiru baldintza bete behar dira Compostela agiria ibilbidea bukatzean jasotzeko, Donejakue Bidea arrazoi espiritualak edo erlijiosoak bultzaturik egitea, edozein Donejakue Bidetan gutxienez 100 km oinez edo zaldiz egin izana, edo bizikletaz joanez gero, 200 km, eta ibilbide hori frogatu ahal izatea, behar bezala zigilatutako kredentzialaren bidez. 

Denda espezializatuak eta zerbitzu gehigarriak

Iruñeak, Bideko lehen hiria denez gero, zerbitzu aunitz eta era askotakoak ditu ibiltariendako. Zerbitzuen artean, honakoak topatuko dituzu:

  • Kontsigna autobus-geltokian.
  • Aparkalekua – Kontsigna Donejakue Biderako, kale Nagusiko 14an. 
  • Komun publikoak, bainu-etxea eta garbitegia.
  • Ekipajeak eta bizikletak eramateko garraioa Bidea egiten duten pertsonendako.
  • Bizikletak zaintzeko zerbitzua.
  • Kirol eta bizikleta dendak. 
  • Bidean espezializatutako dendak eta oroigarri-saltokiak. 

Nola iritsi Iruñera Bidearen inguruko zure esperientzia hasteko

Espainiako hainbat lekutatik iristen ahalko zara Iruñera; nagusiki, autoz, trenez edo autobusez. Behin hirira iritsitakoan, Iruñeak hainbat garraio-aukera eskaintzen dizkie Bidea Orreagatik hasi nahi dutenei:

  • Autocares Artieda autobus-zerbitzuak lotzen du Iruña Orreagarekin ordubete pasatxoan. 
  • Halaber, taxi partekatuaren aukera dago, tarifa itxia duela. 
  • Autoz joatea erabakitzen baduzu, parking publiko bat topatuko duzu Ostatuaren atzealdean. Aparkalekua doakoa da. Autoa hantxe uzteko eta Bidea bukatzean hartzeko aukera eskaintzen du. 

Noticias relacionadas