Iruñeak, sanfermin ospetsuez gain, kultur jardueraz betetako uda eskaintzen du bere historia eta ondarea ospatzeko. Udaldian bi ekitaldi nabarmentzen dira: batetik, Harresietako Jaialdia eta, bestetik, Batasunaren Pribilegioaren ospakizuna. Bi ekimen horien eraginez, hiria artearen, musikaren eta ohituren erdigunea da eta, horren ondorioz, bertakoek eta bisitariek esperientzia paregabeak bizi dituzte eszenatoki historikoetan.
Zer da Harresietako Jaialdia?
Harresietako Jaialdia Iruñean udaldian egiten den kultur ospakizun bat da, eszenatoki nagusia hiriko harresi-multzo bereizgarrian kokatua baitago. Jaialdiaren bidez, harresiek mendez mende eta arkitekturari begira duten garrantzia nabarmentzen da, egitarau zabala eskainiz musikan, dantzan eta beste arte adierazpen batzuetan. Ikuskizun gehienak doakoak dira, baina artista handien kontzertuak ere egiten dira eta, horietarako, sarrera erosi behar da.
Jatorria eta bilakaera
Jaialdia duela urte batzuk sortu zen Iruñeko harresiak biziberritzeko eta haien balioa nabarmentzeko. Harresiak Monumentu Nazionala dira eta esaten da Europan hobekien kontserbatua dagoen multzo gotortuetako bat dela. Hasieratik hona, Jaialdia hazten joan da tamainan eta aniztasunean, genero eta jatorri honetako eta hartako ikuskizunak ekarri baitira, ondare historikoa eta kultura garaikidea uztartzeko helburua gogoan harturik beti.
Musika eta dantza ikuskizunak
Jaialdiaren egitarauan denetarik dago, hots, musika klasikoko kontzertuak, musika modernoko taldeen emanaldiak nahiz dantza tradizionaleko eta garaikideko ikuskizunak. Emanaldiak aire zabalean egin ohi dira, harresi ikusgarrien handitasunaz eta hiriko beste leku historiko batzuen edertasunaz baliatuta; horrek halako xarma berezia eransten dio ekitaldiari.
Batasunaren Pribilegioa: Historia eta ospakizuna Iruñean
Batasunaren Pribilegioa funtsezko agiri historikoa da Iruñerako. Hura errege Karlos III.a Nobleak sinatu zuen 1423ko irailaren 8an. Pribilegioak hiriko Erdi Aroko hiru burguak batu zituen: Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas. Ordura arte, hiru erakunde ezberdin balira bezala jardun zuten eta, zenbaitetan, elkarren aurka. Batasunak bakea eta gizarte kohesioa bultzatu zituen, Iruña modernoaren oinarriak ezarrita.
Urteko ospakizuna
Urtero, irailaren 8an, Iruñeak hainbat jarduera antolatzen ditu Batasunaren Pribilegioa ospatzeko, mugarri historiko hura nabarmentze aldera. Zehazki, segizioak, Erdi Aroko merkatuak, kontzertuak eta ekitaldi instituzionalak egiten dira, duela sei mendetik baino gehiagotik hona hiriak ezaugarri duen batasun eta bizikidetza espirituaren erakusgarri.
Ekitaldi nabarmenak: Antzezpenak, kontzertuak eta haurrendako jarduerak
Harresietako Jaialdiak eta Batasunaren Pribilegioaren ospakizunak, bi-biek, jarduera sorta zabala eskaintzen dute, adin guztietako jendearentzat pentsatuak.
Antzezpenak
Uda partean, Iruñeko karrikak eta plazak eszenatoki inprobisatuak bihurtzen dira bertako eta nazioarteko antzerki taldeetarako. Antzezlanak hiriko historian, tokiko elezaharretan edo klasiko unibertsalen egokitzapenetan egon ohi dira inspiratuak, eta antzerkiaz leku paregabeetan gozatzeko aukera ematen zaio publikoari.
Kontzertuak
Musika funtsezkoa izaten da udan. Musika arloko eskaintza askotarikoa da eta genero aunitz hartzen ditu barne, bai bertako taldeen kantaldiak, bai artista ospetsuen emanaldiak. Ekitaldiak Gazteluko plazan edo Ziudadelan egiten dira, bietan ere jai giroa sortuta.
Haurrendako jarduerak
Haurrek ere beren lekua dute ekimen horietan. Izan ere, hiriko hainbat tokitan, eskulan lantegiak, ipuin-kontalariak, jolas tradizionalak eta haur ikuskizunak antolatzen dira haurren gozamenerako eta ikaskuntzarako, den-dena familia giroko ingurune seguruan.
Funtsezko lekuak ekimenak gozatzeko: Harresiak, Ziudadela eta karrika ospetsuak
Iruñeak eszenatoki historiko ugari eskaintzen ditu uda parteko kultur jarduerak egiteko, guztiak ere ezin aproposagoak baitira.
Harresiak
Iruñeko harresi-barrutia (eta bertako bastioiak, lubanarroak eta ate historikoak) hiriaren iraganeko defentsaren lekuko izateaz gain, gune bizi-bizia ere bada eta toki aproposa zinez kontzertuak, erakusketak eta atari zabaleko antzezpenak egiteko.
Ziudadela
Ziudadela Iruñeko lekurik adierazgarrienetako bat da. Antzinako barruti militar hori parkea eta kultur gunea da gaur egun eta, bertan, arte erakusketak, jaialdiak eta ekitaldi jendetsuak egiten dira, natura eta ondarea uztartzen dituen ingurune zoragarria eskainita.
Karrika ospetsuak
Ospakizun horiek egiten direnean, jende mugimendu handia izaten da Estafeta, Mercaderes eta kale Nagusian, bai eta Gazteluko plazan eta Udaletxekoan. Erdi Aroko merkatuak, segizioak eta emanaldi ibiltariak egiten dira kalez kale eta txokoz txoko, bisitariei aukera ederra emanda hiriaren bihotzean barneratzeko.
Nola parte hartu deus ere galdu gabe: Datak eta gomendioak
Ekitaldi guztiak ahalik eta gehien gozatze aldera, hartu kontuan zenbait gomendio:
Funtsezko datak
- Harresietako Jaialdia: Oro har, abuztuan egin ohi da. Data zehatzak urtetik urtera alda daitezke; horrenbestez, onena da egitarau ofiziala kontsultatzea Iruñeko Udalaren webgunean.
- Batasunaren Pribilegioa: Ospakizun nagusia irailaren 8an egiten da, baina jarduerak data horretatik hurbilen dagoen asteburu osoan izan ohi dira.
Gomendioak
- Plangintza: Jarduera asko doakoak eta aire zabalean direla kontuan harturik, onena izaten da garaiz iristea toki ona hartzeko eta ikuskizunez eroso gozatzeko.
- Non lo egin: Data horietan Iruñera etortzeko asmoa baduzu, erreserbatu zure ostatua garaiz, bisitari kopuru handia izaten baita.
- Informazio eguneratua: Kontsultatu iturri ofizialak, hala nola Iruñeko turismo weba edo Iruñeko Udalarena; horrela, informazio xehatua jasoko duzu bai programazio ofizialaz, bai azken orduko aldaketez.
Iruña udan helmuga zoragarria da historia, artea eta entretenimendua gogoan dituztenentzat. Izan ere, dela Harresietako Jaialdia, dela Batasunaren Pribilegioa, bi-biak, aukera paregabeak dira hiriaren kultur aberastasunean murgiltzeko eta ekitaldiak eszenatoki historiko paregabeetan gozatzeko. Horrenbestez, data horietan Iruñera bazatoz, esperientzia zinez zoragarria biziko duzu.



