Festatik lasaitasunera: Bizi sanferminak eta gozatu atsedena Iruña inguruetan

san fermines

Sanferminek bizitasuna, poza eta ospakizuna ekartzen dizkigute gogora, baina era berean, zalapartatik aldentzeko eta une lasaiak topatzeko aukera eskaintzen dute. Iruñean eta inguruetan diren gune eta jarduera asko ezin aproposagoak dira jaiaren bizitasuna atsedenarekin, naturarekin eta ongizatearekin orekatzeko. Sanferminei darien zirrararen ondotik, giro lasaian ibili nahi baduzu, Nafarroak gorputza indarberritzeko aukera ugari eskaintzen dizkizu.

Iruñeko leku lasaiak: Lasai egoteko eta zalapartatik aldentzeko parkeak eta lekuak

Bestaren borborraren erdian, Iruñeak bestelako txokoak ere baditu eta, haietan jendea badabil ere, lasaiagoak dira eta naturaz gozatzeko aukera izanen dugu. 

  • Takonerako parkea: Iruñeko lorategirik zaharren eta ospetsuenetako bat da. Berdegune zabalak, iturriak eta parke zoologiko txikia… Horra hor zergatik den parke hau leku ezin hobea paseoan ibiltzeko eta zaratatik aldentzeko. Gainera, bertako begiratokietatik inguruz inguru ikusiko ditugu bai lubanarroak, bai lorategi bihurtutako bazterrak; hitz batez, ingurune ezin aproposagoa da argazkietarako. Sanferminetan, jende guztiarendako jarduerak egiten dira Takoneran, hala nola kontzertuak, aurpegi-margoketak, merkatu txikiak eta musika-emanaldiak. Lekua erabat lasaia ez bada ere, erdigune historikokoa baino giro familiarragoa eta lasaiagoa eskaintzen du, eta leku ezin hobea da jaiaz ingurune irisgarriago batean gozatu nahi dutenendako.
  • Yamaguchi parkea: Diseinu japoniarra duela, parkeak giro barea eskaintzen du urmael, zubi eta lorategien artean. Ezin aproposagoa da yoga egiteko, irakurtzeko edota, besterik gabe, eseri eta paisaia begiesteko. Bidexka inguruko gereziondoak loretan dira udaberrian; horregatik da leku hau ezin ederragoa.
  • Gaztelugibeleko parkea: Ziudadelaren inguruan, berdegune zabal horrek historia eta natura uztartzeko parada eskaintzen digu. Bertako belardi zabalak ezin egokiagoak dira piknikak egiteko, zuhaitzen itzalpean atseden hartzeko eta su artifizialak ikusteko.
  • Media Luna parkea: Arga ibaia begiradapean duela, parke hau ezin hobea da natur ingurune baten bila dabiltzanendako, bide lasaietan ibiltzeko eta laster egiteko. Lorategiz hornitutako bazterrak eta estrategikoki kokatutako jarlekuak arras erakargarriak dira bertan gelditzeko eta inguruneaz gozatzeko. 
  • Argaren ibai-parkea. 52 kilometro baino gehiago, ibai bazterreko zuhaitzen artean oinez edo bizikletaz ibiltzeko, hiriko zalapartatik urrun.

Bazter horiek guztiak erdiguneko zaratatik urrun daude eta ezin hobeak dira geure burua indarberritzeko, festari berrekin baino lehen. 

Ihesaldi hurbilak: 6 ibilbide Nafarroan barna zalapartatik atseden hartzeko

Iruñea inguruan, Nafarroak paisaia ikusgarriak eta ibilbide zoragarriak eskaintzen ditu, bertako natur eta kultur aberastasuna ezagutzeko.

  • Iratiko Oihana: Europako pagadi-izeidirik handienetako bat da. Oinez ibiltzeko bidexkek lasaitasunaz eta edertasunaz betetako ingurune paregabea arakatzeko parada ematen dute. Leku ezin aproposagoa da xendazaletasuna edo mendiko txirrindularitza egiteko, bertako faunaz eta floraz gozatzen dugun bitartean.
  • Urederraren Iturburua: Ur garden urdin turkesez betetako natur ingurunea da, landaretza oparoz inguratutako bidexketan barna ibiltzeko. Garaiz egin behar da erreserba inguru hartan sartzeko eta bazterrak zaintzeko.
  • Baztan Ibarra: Paisaia berdeak eta herri xarmadunak ditu ezaugarri; Elizondo, adibidez. Baztanek ibilbideak eta tokiko gastronomia eskaintzen ditu, inguru zoragarrian. Gainera, errota zaharrak eta Nafarroako baserri bereizgarriak bisitatu daitezke.
  • Gares: Erdi Aroko herri historiko hau gakoa da Donejakue Bidea, nahitaez ikusi beharreko lekua historiaren eta arkitekturaren bila dabiltzanendako. Izan ere, karrika harriztatuak, zubia eta eliza erromanikoak osagai ezin egokiagoak dira kultur bisita aberasgarria egiteko.
  • Irunberriko Arroila: Mendi-zintzur ikusgarria da, Irati ibaiak gurutzatua, ezin hobea mendi ibilbideak egiteko eta hegazti harrapariak ikusteko. Ibilbidea bide berde bat da, Irati trenbide zaharrari jarraitzen diona, eta ikuspegi eder-ederrak eskaintzen ditu.
  • Bide Berdeak: Ihesaldi horien bidez, Nafarroako paisaia aniztasuna arakatzeko eta naturaren erdian erabat baretzeko uneak topatuko ditugu. 

Landa turismoa eta enoturismoa: Landetxeak, mahastiak eta gastronomia esperientziak

Nafarroa kontrastez eta zaporez beteriko lurraldea da, eta aukera ugari eskaintzen ditu landa turismoaz eta enoturismoaz gozatzeko. 

  • Landetxeak: Nafarroa osoan banaturik, landetxeek naturaz inguratuko leku lasaietan ostatu hartzeko aukera ematen dute. Landetxeak Nafarroako Pirinioetatik mahastiak etxeen ondoan dauden lurraldeetaraino daude sakabanatuak; beraz, gustu guztiak asetzeko modukoak. Batzuetan, gainera, tokiko produktuekin egindako gosariak eskaintzen dira, bai eta jarduerak ere, hala nola artisautza-lantegiak.
  • Ardoaren Ibilbideak: Nafarroako ardoaren bidearen barnean, upategiak bisitatu eta dastatzeetan parte hartu daiteke, gure eskualdeko ardogintza tradizioa ezagutzeko. Nafarroako Ardoaren Bidea – Enoturismoa Espainian barna, Ardoaren Turismoa webguneak informazioa ematen du upategi familiarretan egiten diren bisita gidatuez eta ardo dastatze paregabeez.
  • Gastronomia esperientziak: Ardoez gain, Nafarroak gastronomia goxoa eskaintzen du, tokiko produktuak ardatz harturik. Badira aukera ugariak, landa esperientziaren aberasgarri; besteak beste, museo tematikoak bisitatzea (boilurra, olioa, patxarana, etab.), merkatu tradizionalak ikustea edo sukaldaritza lantegietan parte hartzea. Ez galdu plater tipikoak ahogozatzeko aukera, hala nola bildoskia txilindronean edo Nafarroako zainzuriak.

Bainu-etxeak eta lasaitasuna: Ongizate arloko aukerak Nafarroan, festatik indarberritzeko

Festetan buru-belarri aritu eta gero, aukera ezin gozagarriagoa da lasai unerik oparitzea geure buruari. Nafarroak bainu-etxeak eta ongizate zentroak ditu, gogoa eta goputza lasaitzeko eta berriro suspertzeko.

  • Elgorriagako Bainu-etxea: Ur mineralak eta sendagarriak dituela, bainu-etxe honek terma-zirkuituak, masajeak eta ongizate tratamenduak eskaintzen ditu natur ingurune batean. Bertako flotazio-igerilekua Europako gazienetariko bat da, esperientzia paregabea eskainita.
  • Fiteroko Bainu-etxea: Espainiako zaharrenetariko bat da, eta bertako ur termalak ospetsuak dira, sendagarriak baitira. Bertako instalazioetan, tratamendu eta lasaitze arloko hainbat aukera eskaintzen dira, burbuila-bainuak eta lohi-bilgarriak barne.
  • Hiriko spa zentroak: Iruñean era badira hiri-spa zentroak, eta masajeak, terma-zirkuituak eta edertasun tratamenduak eskaintzen dituzte, ezin hobeak pausaldi azkar baterako. Gune horiek lasaitasunerako bidea ematen dute, hiritik atera gabe.

Gune horiek ezin hobeak dira jaiaren zalapartatik ihes egiteko, eta gorputza eta burua zaintzeko. 

Zalapartarik gabeko kultura: Museoak, monasterioak eta zaratatik aldendutako jarduerak

Nafarroak, halaber, kulturaz ikuspegi lasaitik gozatzera gonbidatzen gaitu; izan ere, baditu historiarekin eta artearekin lotzeko aukera ematen duten guneak, jaietako jendetza handietatik urrun.

  • Leireko San Salbatore Monasterioa: Erretiro espiritualerako lekua izateaz gain, monasterioak bisita gidatuak eta kantu gregorianoko kontzertuak eskaintzen ditu. Mendilerroaren erdian dagoenez, leku baketsua da zinez.
  • San Migel Aralarkoa: Aralar Mendian kokatua, San Migel Santutegia Nafarroako erlijio gunerik zaharren eta adierazgarrienetako bat da. Pagadiz eta mendi paisaiez inguraturik, eliza erromanikoak esperientzia espirituala eskaintzeaz gain, natur ingurune ezin egokiagoa da baretasunaren eta naturarekiko harremanaren bila dabiltzanendako. Horrez gain, talaia guztiz egokia da Sakana eta Aralar Mendia bere ederrean ikusteko. 
  • Xabierko Gaztelua: Xabierko Gaztelua Erdi Aroko gotorleku hutsa baino askoz gehiago da: San Frantzisko Xabierkoaren jaiolekua da, Nafarroako eta misioen zaindariaren sorlekua, alegia. Artaz zaharberritua, barnealdea, omenaldi-dorrea, aldameneko eliza eta hainbat erakusketa historiko daude bisitagai. Urtero, ohiko Xabierraldia egiten da, hau da, Nafarroa osoko milaka lagun bizikidetza eta debozio giroan biltzen dituen erromesaldi jendetsua.
  • Urdazubiko eta Zugarramurdiko leizeak: Nafarroa iparraldeko ibar berdeen artean, Urdazubiko eta Zugarramurdiko leizeak daude; bi formazio geologiko dira, biak ere naturaren opariak, zein baino zein ederragoa, bi-biak elezaharrei lotuak. Urdazubikoetan estalaktitak dira nabarmentzekoak, bai eta ibilbide gidatu arras hezigarria ere. Zugarramurdikoak, berriz, inkisizio-auziak eta sorginkeriaren inguruko elezaharrek eraginda dira liluragarriak. Bi leizeak bisitatuz, Nafarroako naturan eta herri iruditerian barneratuko gara.
  • Donejakue Bidea: Iruña Donejakue Bidearen funtsezko guneetako bat da. Tarte batzuk egiten baditugu, ibilbidearen aberastasuna gozatuko dugu,d ela kulturari begira, dela paisaiari begira. Jarduera ezin hobea da kirola eta kultura uztartzeko.

Sanferminek gustu guztietarako esperientziak eskaintzen dituzte. Emozioaz eta zalapartaz haratago, Iruñeak ezin konta ahala aukera eskaintzen ditu une lasai eta gozagarriak topatzeko natur eta kultur ingurune zoragarrietan. Beraz, jai biziak eta une lasaiak txandakatzea gakoa da sanfermin orekatuak bizitzeko, une bakoitzean ahalik eta gehien gozatuta. 

Noticias relacionadas