Iruñeko udaldia sanferminez haratago doa. Hiriak ekitaldi sorta zabala eskaintzen du, hots, kultur saioak, musika jaialdiak, atari zabaleko jarduerak eta gastronomia esperientziak. Horrenbestez, helmuga ezin aproposagoa da arteaz, historiaz eta naturaz gozatu nahi dutenendako. Jakizu Iruñeak udaldirako prestatua duen guztia.
1. Sanferminak eta haien eragina hirian: Funtsezko datak eta nola bizi jaiak
Sanferminak, uztailaren 6tik 14ra, Iruñeko ospakizunik ospetsuenak dira. Bederatzi egunez, bizikidetzak eta pozak goitik behera hartzen dute hiria. Udaletxe plazako Txupinazotik Gaixoa Nira bitarte, sanferminek adin guztietarako ekitaldiak eskaintzen dituzte.
Iruñeak kultur jarduera ugari eta atari zabaleko kontzertuak eskaintzen dizkie Festak bestela bizi nahi dituztenei.
2. Kultur eta musika ekitaldiak: Flamenco On Fire, Harresietako jaialdia eta beste
Iruñeak bere kultur bizitasunari eusten dio uda osoan, hiria artez, musikaz eta ikuskizunez betetzen duten jaialdien bidez. Hona hemen ekitaldi nabarmenetako batzuk:
- Flamenco On Fire: Jaialdia Sabicas gitarrista iruindarraren omenez egiten da eta flamenko munduko figurak biltzen ditu hiriko antzoki, plaza eta balkoietan.
- Harresietako Jaialdia (abuztua): Ziudadela eta harresiak eszenatoki bihurtzen dituen ekitaldia da, zirku, dantza eta musika arloko ikuskizunak eskaintzeko, ondare historikoa eta kultura garaikidea uztarturik.
- Batasunaren Pribilegioa (irailak 8): Iruñeko Erdi Aroko hiru burguen batasuna (1423) ospatzen duen ekitaldia da, birsortze historikoen eta kontzertuen bidez. Aurten, gainera, hiria sortu zeneko 2.100 urtemuga ospatzen ari da.
3. Atari zabaleko planak: Udako zinema, kontzertuak parkeetan eta gastronomia azokak
Iruñeko uda aukera ezin hobea da atari zabaleko kultur ekitaldiez gozatzeko. Hona hemen proposamen erakargarrienetako batzuk:
- Euskal pilotaren historiari buruzko bisita. Iruñeak altxor bat dauka, hots, pilota eta pilotalekuak. Agirien arabera, XIV. mendean bazen “jeu de paume” izeneko jokoa (esku-azpiaren jokoa). Bisitaren bidez, ederki ikasiko dugu kirol horrek gure hirian egin duen ibilbidea, haren garrantzia, apustuak, pertsonaiak eta bitxikeriak eta, horrez gain, hain ezagunak ez diren xehetasunak, hala nola emakumeek euskal pilotan izan duten lekua eta garrantzia.
- Udako zinema: Atari zabaleko film emanaldiak, familia osorako pelikulak ikusteko.
- Kontzertuak parke eta plazetan: Udako hilabeteetan, tokiko taldeak eta musika tradizionaleko taldeak hiriko hainbat gune publikotan aritzen dira.
4. Turismo aktiboa inguruetan: Xendazaletasuna, ibilbideak bizikletan eta uretako jarduerak
Kultura eta natura uztartzea xede dutenek paisaia ikusgarriak eta turismo aktiborako aukerak dituzte eskura Iruña inguruetan:
- Donejakue Bidea: Iruña Frantses Bideko lehen gune handia da. Hirian, Ultreia Zentroa dago, ibilbidearen historiaz gehiago jakiteko.
- Xenda ibilbideak: Hainbat toki paraje ezin aproposagoak dira oinez ibiltzeko eta txangoak egiteko: Irunberriko Arroila, Urederraren Iturburua, Bide Berdeak eta Orgiko Oihana.
- Txirrindularitza eta uretako kirolak: Nafarroa helmuga zoragarria da bizikletan bidez bide ibiltzeko, hainbat ibilbide baitaude, hala nola Eurovelo 1 eta 3, Plazaolako eta Bidasoko bide berdeak. Halaber, hurbileko ibaietan piraguismoa egin daiteke.
5. Uda Iruñean gozatzeko aholkuak: non lo egin, garraioa eta klima
Udan, Iruñeko egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatzearren, garrantzitsua da funtsezko gauza batzuk kontuan hartzea:
- Lo egitea: Sanferminetan eta beste jaialdi batzuetan, eskaria handia denez, gomendagarria da erreserba garaiz egitea. Hirian denetariko aukerak daude, hala nola hotelak, landetxeak eta beste asko.
- Garraioa: Iruñeko garraio publikoaren sarea ona da. Erdi tamainako hiria da, oinez egiteko modukoa; beraz, oinez edo bizikletaz ibiltzea aukera ezin hobea da.
- Klima: Uda partean, 15 eta 30°C arteko hozberoa izan ohi da. Gomendagarria da arropa arina eta eguzki-babesa eramatea, bai eta hidrataturik mantentzea ere.
Iruña udan sanferminak baino askoz ere gehiago da. Ugariak dira jaialdiak, kultur jarduerak eta turismo aktiborako aukerak; horrenbestez, helmuga zoragarria da historiaz, artez eta naturaz betetako oporrak gozatzeko. Animatuko zara hiri bizi-bizi honek eskaintzen duen guztia ezagutzera?



