Sanferminak Nafarroako jairik bereizgarrienetako eta ospetsuenetako bat dira nazioartean. Tradizioa eta kultura uztarturik, ospakizunak milaka bisitari erakartzen ditu urtero, esperientzia paregabean murgiltzeko.
Sanferminak ez dira soilik deigarriak festa hutsari begira, Iruñeak eta bertako jendeak eskaintzen duten abegikortasunari begira ere baizik. Iruindarren berotasunak eraginik, bisitari bakoitzak ongietorri goxoa sentituko du eta nekerik gabe barneratuko da poza nahiz laguntasuna ardatz dituen ospakizunean.
Xehetasun guztien berri izateko, ondoren jaiaren jatorriak eta bilakaera miatuko ditugu eta, horrez gain, tradizio nagusiak, bai eta sanferminak ekitaldi paregabea izatea eragiten duten beste alderdi batzuk ere.
San Fermin jaien hastapenak eta bilakaera
Sanferminen izena San Fermini zor zaio. Hura Nafarroako bi zaindarietako bat da eta, tradizioaren arabera, III. mendean bizi izan zen. Hura egiazki bizi izan zelako frogagiririk ez badago ere, harenganako gurtza XII. mendetik aurrera errotu zen, erlikia bat Amiensetik Iruñera 1186an iritsi izanaren ondorioz. Tradizioak dioenez, San Fermin kristau bihurtutako gazte iruindar bat izan zen eta, Frantziara joan ondoren, Amienseko apezpiku egin, eta martirioa pairatu zuen. Kontakizun hori mendez mende zabaldu izanaren ondorioz, santuarenganako gurtza sendotu eta haren omenezko ospakizuna sortu zen.
Denboraren joanean, dantzak, musika eta segizioak erantsi zitzaizkion, jai molde zabalago baterantz bilakatuta. XVI. mendean, Udalak uztailaren 7ra aldatu zuen ospakizuna, azienda azoka irekiarekin batera egiteko, feriak merkatari eta bisitariak erakartzen baitzituen; eta gainera, lehen zezenketak erantsi zituen.
Entzierroen jatorria, berriz, zezenak hiriaren kanpoaldetik plazaraino eramatearekin lotzen da. Urteak joan, urteak etorri, ordea, jarduera hura jai tradizio bilakatu zen.
Mendeen joan-etorrian, sanferminek munta handiko kultur eta turismo ekitaldiaren eitea hartu dute. Hori, batez ere, XX. mendean gertatu zen, turista olde handia iristen hasi baitzen, garraioari eta komunikazio bideei esker.
Baina entzierroaz eta jai-egitarauaz haratago, Iruñeak eta bertako jendeak eskaintzen duten abegikortasunak eraginik dira sanferminak esperientzia paregabea. Izan ere, egun horietan hirira etortzen direnek, munduko jairik ospetsuenetako batzuetan parte hartzeaz gain, harrera bero hori sentitzen dute, lehen unetik beretik hiriko kide balira bezala.
Iruindarrek izaera irekia dute eta eskuzabalak dira, hiriko txoko bakoitzean sumatzen den bezala. Ez dio axola zure lehen aldia ote den sanferminetan edota urteak ote daramatzazun itzultzen, beti inor izanen baituzu prest tradizioak azaltzeko, zu topa egitera gonbidatzeko edota zurekin batera kale erdian hamaiketako inprobisatu bat egiteko.
Sanferminetako tradizio nagusiak
Sanferminak mugaz harata famatu diren ekitaldi adierazgarriz beteak daude. Orain, nafar kulturaren ikurrak dira eta, urtero, milaka lagun erakartzen dituzte.
Txupinazoa
Suziria edo txupinazoa jaurtitzea festen hasiera ofiziala da, urtero, uztailaren 6an, eguerdiko hamabietan. Udaletxe plazan egiten da, jaiei hasiera emateko bilduta dauden milaka lagunen aitzinean.
Entzierroa
Entzierroak sanferminetako tradiziorik ezagunena dira. Egunero, goizeko 8:00etan, uztailaren 7ti 14ra, ehunka lagunek zezenen ondoan laster egiten dute Iruñeko Alde Zaharreko karriketan barna. Egungo ibilbidea 1922koa da, 848,6 metro ditu luzeran eta zezen-plazan bukatzen da.
Gaueko su artifizialak
Gauero, 23:00etan, Ziudadelatik egiten den piroteknia-ikuskizunak Iruñeko zerua argitzen du. Duela 20 urtetik gora, su artifizialek nazioarteko lehiaketaren kategoria dute eta, gauero, familiak, bisitariak eta bertakoak biltzen dituzte hiriko hainbat tokitatik zeru gaineko argi-ikuskizun koloretsua gozatzeko.
“Gaixoa Ni”
Festen itxiera uztailaren 14ko gauean iristen da, “Gaixoa Ni” esaten zaion ekitaldiaren bitartez, hitz horiek biltzen dituen kantua abesten baita festei azken agurra emateko. Ekitaldian biltzen direnek kandela bana eramaten dute piztuta, zapi gorria kentzeko une sinboliko hori nabarmentze aldera.
Horratx tradizio nabarmenenak, baina sanferminetako mugimendu oparoaren zati bat baizik ez dira.
Sanferminak adin guztietarako
Sanferminak ez dira entzierro eta musika kontu hutsak, baizik eta egitarau inklusibo eta askotarikoa dute, adin eta gustu guztietarako pentsatua.
Haurrendako eta familiendako
- Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa (goizero; uztailaren 6an, berriz, arratsaldean).
- Haur ikuskizunak Askatasun plazan eta hiriko beste leku batzuetan.
- Zezensuzkoa (gauero, Udaletxe plazan)
- Feriak eta atrakzioak Runa parkearen eremuan
Gazteendako eta helduendako
- Doako kontzertuak Gazteluko plazan eta Foruen plazan, bai eta hiriko beste toki adierazgarri batzuetan ere.
- Goizeko dianak, musika-bandak kalez kale emanik.
- Kirol jarduerak, hala nola Labrit pilotalekuko pilota txapelketa.
- Dantzak eta dantzaldiak hiriko hainbat tokitan.
Adinekoendako
- Topaketak eta dantza tradizionalak Gazteluko plazan.
- Nafarroako joten ikuskizunak
- Sanferminekin lotutako kultur ekitaldiak eta erakusketak
- Kontzertuak Gurutzeko plazan.
Sanferminetako janzkera bereizgarria
Sanferminetako gauzarik ikusgarrienetako bat janzkera tradizionala da: arropa zuri-gorria, alegia. Batetik, atorra eta galtza zuriak, eta bestetik gerriko gorria (2,5 metro luzeran eta 12 cm zabaleran) eta jaietako zapi gorria.
Janzkeraren jatorri zehatza ezezaguna bada ere, La Veleta peñarekin lotu ohi da, kolore horiek aukeratu baitzituen bere kideendako, 30eko hamarkadan.
Zapia da, zalantzarik gabe, janzkerako atalik nabarmenena eta Txupinazoaren suziriak eztanda egiten duenean lotu behar da lepoan. Zapiak sinbolismo berezia du, San Ferminen martirioari baitagokio, lepoa moztu baitzioten. Esaten denez, santuaren lepotik isuritako odolari zor dio kolore gorria.
Janzkera xume horrek parte-hartzaileak identifikatzeaz gain, ospakizunaren lotura historikoa eta kulturala islatzen du.
Sanferminetako herri ohiturak eta kultur esanahia
Sanferminen osagaiak ez dira soilik ekitaldi nagusiak, bestelakoak ere baizik, ohituraren ohituraz egiten direnak, Iruñeko eta iruindarren nortasunaren erakusgarri. Nabarmenenen artean, honakoak daude:
- Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Kartoi-harrizko 25 irudik osatua, familiartean gozatzeko ekitaldi nagusia da. Erraldoiak, buruhandiak, kilikiak eta zaldiko-maldikoak karrikaz karrika ibiltzen dira bazterrak girotzen.
- Peñak. Ekitaldien antolaketan buru-belarri parte hartzen duten hiriko elkarteak dira, jai giroa bizirik mantentzen dutenak. Peñek zezenketak girotzen dituzte zezen-plazan. Peñak jaien arima dira eta, txarangak, berriz, haien soinu-banda. Txarangak, izan ere, musika-taldeak dira, haize- eta perkusio-instrumentuz osatuak. Peña bakoitzak txaranga bat eramaten du, kalez kale ibiltzen dira peñarekin batera, eta jaiaren erritmo bizi etengabeari eusten diote. Errepertorio zabala eta askotarikoa dute, hala nola jotak, pasodobleak, sanferminetako doinu eta herri ereserkiak, eta egungo kantuen jai giroko egokitzapenak.
- Sanferminetako gastronomia. Festetan ardatz izaten dira talde otorduak, kale erdiko hamaiketako inprobisatuak, bai eta familiarteko eta kuadrillen oturuntza handiak ere. Nafarroako gastronomia funtsezko topagunea izaten da egun horietan.
- Bertako jendearentzat, sanferminak urtean behingo ekitaldi hutsa baino askoz gehiago dira. Haien historiaren, balioen eta bizimoduaren adierazpena da, eta jaiek jende arteko loturak sendotzen dituzte. Azken buruan, halako harrotasun kulturala transmititzen da, gure hiria bisitatzen dutenekin partekatzen dena.
Sanferminetako beste une berezi eta nabarmengarri batzuk
Tradiziorik ospetsuenez gain, sanferminek programazio zabala dute kulturan, artean eta herri-ekitaldietan, jai-bizipenaren osagarri:
- Zaldun Edertuen segizioa (uztailak 6 arratsaldean): tradiziorik zaharrenetako bat da. Zaldizko batzuek San Ferminen erlikia laguntzen dute San Lorentzo elizatik Katedraleraino.
- San Ferminen prozesioa (uztailak 7): jaietako ekitaldi nagusietako bat. Santua kalez kale ibiltzen da Alde Zaharrean barrena, Konpartsak, La Pamplonesak, agintariek, dantzariek eta ehunka lagunek lagundurik.
- Su Artifizialen nazioarteko Lehiaketa: gauero, 23:00etan hasita, Ziudadelatik. Munduko lehiaketarik garrantzitsuenetako bat dela esaten da, eta nazioartean ospea duten piroteknia-etxeek hartzen dute parte.
- Dantza tradizionalen ikuskizunak: hainbat talde aritzen dira hiriko plaza eta eszenatokietan, hala nola Duguna, Larratz edo Oberena; bereziki, uztailaren 6an, 7an eta 8an.
- Nafarroako Jota Jaialdia: errondailak, bakarlariak eta jota-eskolak aritzen dira Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan.
- Nafarroako Herri Kirolen Eguna: aizkolariak, harri-jasotzaileak eta bestelako herri kirolariak aritzen dira Foruen plazan eta Sarasate pasealekuan.
- Doako kontzertuak eta alternatiboak: Gazteluko plazaz eta Foruen plazaz gain, beste leku batzuetan ere musika emanaldiak egiten dira, hala nola Compañía plazan, proposamen tokikoagoak eta garaikideak dakartzatela.
- Erronda musikalak: jota-kantariak eta abesbatzak kalez kale ibiltzen dira; adibidez, Jotaren Errondan (uztailaren 13an, gauez) edota goizeko auroretan.
- Peñek antolatutako ekitaldiak: karrikadantzak, herri otorduak, kontzertuak, eta jende guztiarendako jarduerak beren egoitzetan.
- Familiendako leku lasaiak: alkoholik gabeko eremuak eta berezko jarduerak haur, familia eta adinekoendako, hala nola lantegiak, puzgarriak, antzezlanak eta ipuin-kontalariak.
Ekitaldi horietako bakoitzak jaien izaera abegitsua, irekia eta anitza indartzen du. Sanferminak ez baitira bizipen bakarra, ospakizun asko baizik jai beraren barnean, adin, gustu eta kultura bizitzeko modu guztietarako irekiak.



