Iruñeko Ziudadela bisitatzeko asmoa baduzu, aukeraketa bikaina egin duzu. Hiriko lekurik interesgarrienetako bat baita eta, ziurrenera, harrituko zaitu.
Multzo gotortu horrek oso era berezian uztartuak ditu historia, arkitektura eta natura. Hortaz, xehetasunik batere ez galtzeko, Iruñeko Ziudadelan barna zabiltzala ikusi beharreko tokiak aletuko dizkizugu.
Begirada bat Iruñeko Harresiei eta Ziudadelari
Iruñera egun bakar baterako bazatoz ere, Ziudadela ikusi beharko duzu nahitaez. Baina gure ibilbidea hasi baino lehen, interesgarria da haren historia pixka bat jakitea.
Iruña Iberiar penintsularen iparraldean kokatua dago eta garrantzi estrategikoa izan du mendez mende. Adibidez, Nafarroako Erresumako hiriburua izan zenean, funtsezko defentsa-gunea izan zen eta, Gaztelak 1512an konkistatu eta gero, harresiak sendotu zituzten, hiria balizko erasoetatik -bereziki, Frantziakoetatik- babesteko. Gaur egun, Iruñeko harresi-barrutiaren zati handi bat kontserbatua dago, eta Espainian hobekien zaindua dagoen harresi-multzoetako bat dela jotzen da.
XVI. mendearen hasieran, armada frantziar-nafar batek hiriari egindako erasoa ikusirik, agerian gelditu zen haren defentsak sendotu beharra. Orduantxe hasi zen eraikitzen Done Jakue gotorlekua, hau da, Iruña defenditzeko gaztelu artilleroa.
Handik urte batzuetara, eraso frantses batek defentsak nabarmen kaltetu eta, Luis Pizarro ingeniariak -Espainiako gotorlekuen figura garrantzitsuak- hiria bisitatu izanaren ondorioz, hainbat hobekuntza egin ziren. Dena dela, Juan Bautista Antonelli ingeniariaren iritziz, hobekuntzak ez ziren aski izan eta, txosten batean, Iruñeak defentsarako zituen aukerak zalantzan jarri zituen.
Hori dela eta, Filipe II.ak gaztelu errenazentista berria enkargatu zuen: Ziudadela. Gaztelu berriaren trazak 1571n egon ziren prest, El Fratin esaten zitzaion Giacomo Palearo italiar ingeniariaren eskutik.
Gaur egun, jotzen da Ziudadela Europako Errenazimentuko arkitektura militarraren adibiderik onenetako bat dela eta, 1985az geroztik, Kultur Intereseko Ondasuna da.
Ziudadela: arkitektura eta ingurunea
Ziudadelaren diseinu geometriko eta monumentala da nabarmentzekoa eta, bertako txokorik garrantzitsuenetan ibiltzea historiaren eta aro garaikidearen arteko kontrastea zeharkatzea da.
Lehenik eta behin, Ziudadela inguruko lubanarroak dira deigarriak. Hasieran, funtsezko defentsa elementua izan ziren. Orain, ordea, lekurik onenak dira paseo lasaian ibiltzeko eta harresiak miresteko.
Gotorlekuan sartzeko ateetatik, Laguntza Atea da jendetsuena. Gaztelugibeletik iritsiko gara ate horretara, lubanarroen gaineko zubi bat gurutzatuz. Bere garaian, sarbide hori funtsezkoa izan zen bai Ziudadela hornitzeko, bai tropak ateratzeko.
Ziudadelak, hasieran, bost bastioi izan zituen. Hiriko Lehen Zabalgunea eraikitzearen ondorioz, ordea, haietariko bi eraitsi ziren.
Ziudadelan barna zabiltzala, gelditu zutik dirauten bastioietan, inguruko paisaiaz gozatzeko eta, jakina, oroitzapenerako argazkiak egiteko.
Ziudadelan barna aurrera eginik, garrantzitsua da eraikin bakoitzari astia eskaintzea.
Zure ibilbidean aurkituko duzun egiturarik interesgarrienetako bat Bolborategia da. Hasieran, eraikuntza horretan, bolbora eta munizioak gordetzen ziren. Gaur egun, txukun baino txukunago zaharberritua dago eta, bertan, aldi baterako erakusketak jartzen dira ikusgai, Iruñeko kulturari eta historiari begirada paregabea eskainita.
Ziudadela barnean, beste leku interesgarri batzuk ere bisitatu beharko dituzu: batetik, Arma Aretoa, hau da, hasieran armamentua gordetzeko eta konpontzeko erabili zen eraikin dotorea eta, bestetik, Mistoen Eraikina, bi solairuko eraikin historikoa, alegia. Gaur egun, bi tokiak erakusketa eta ekitaldietarako ere erabiltzen dira, bien eite historikoari eutsita, baina gaur egungo beharretara egokituak.
Baina, Ziudadelaren bihotza, zalantzarik gabe, Arma Patioa da. Gune zabal irekia da, lehenago bizitza militarraren erdigunea izandakoa, maniobrak eta desfileak egiteko erabilia. Gaur egun, Arma Patioa topagune eta aisia leku bihurtu da eta, maiz, kultur ekitaldiak, kontzertuak eta azokak egiten dira.
Lorategiak eta berdeguneak: kultur eta aisia jarduerak parkean
Ziudadelak eta Gaztelugibeleko parkeak hauspo berde bat osatzen dute Iruñeko bihotzean. Izan ere, ez da leku historiko hutsa, naturgunea ere baizik hiriaren erdigunean.
Bereziki, hilabete beroenetan, lorategiak bizi-taupadaz betetzen dira; izan ere, badago ariketa egiten duen jenderik, eta familiek, berriz, piknikak egiten dituzte pago, izei, lizar, pinu eta bestelako zuhaitzen itzalpean.
Gainera, gotorlekua XX. mendean Udalaren eskuetara pasatu zenetik, inguru hori guztia gune handi eta zabala da aisiarako eta kulturarako, atari zabaleko erakusketak, kontzertuak eta kirol ekitaldiak egiten baitira.
Beraz, honetarako eta hartarako erabiltzen denez, guztiz gune beharrezkoa da Iruñean hiriaren bizitzarako.
Ziudadela, arte garaikidearen ikurra: kulturaren eta ondarearen topagunea Iruñean
Iruñeko Ziudadelaren alderdirik nabarmenetako bat kulturarako duen joera da. Gaur egun, arte garaikidearen erreferentea da, bertako lau eraikin nagusietan erakusketak eta ekitaldiak egiten baitira: Bolborategian, Arma Aretoan, Mistoen Eraikinean eta Labean, hain zuzen ere.
Ziudadelan, izan ere, aldi baterako erakusketak egiten dira (argazkia, margolanak, eskultura eta ikus-entzunezkoak) eta, horrez gain, kultur ekitaldiak eta jaialdiak ere bai, hala nola Harresietako Jaialdia, hots, urtero Iruñeko harresiak uda partean dantza, zirku eta musika ikuskizunez betetzen dituen ekimena.
Iruñeko ondareaz eta kulturaz gozatu nahi duen orok eskura du Ziudadela, zabalik dagoen orduetan dohainik bisitatzeko.
Bisita garaiz planifikatu nahi dutenek, berriz, kultur ekitaldien egutegia dute eskura. Izan ere, informazio zehatza eskaintzen du hiriko hain txoko ospetsu hori bizitzaz betetzen duten erakusketa, kontzertu eta jaialdiei buruz.



